XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

IRITZIA

GAURKOTASUNEKO GAIA

Nafarroako Jaialdiak Elizondon

Egun batzutan diru pila bat gastatu eta urte osorako mixeria

Mª Cruz GOÑI

Dantza Irakaslea

Alde batetik ongi ikusten dut holako aktuazioak eta ekartzea.

Bainan bertze ikuspegi batetik eta bertako kulturgintzan inplikatua naizen neurrian, ez dago deretxorik egun guti batzutan halako dirutzak gastatzea eta bitartean, urte osoan kultura munduan gabiltzanontzat lau sos ere ez izatea.

Nik dantzarien mundua ezagutzen dut eta egia erran penagarria da zein laguntza guti ematen den ikustea.

Dena dela, arras ongi dago Els Joglars, edo Kiko Veneno edo pastoral bat ikusteko aukera izatea.

Pertsonalki, gauza batzuk bertze batzuk baino gustokoago ditut, bainan tira!.

Beharbada programazioa egin dutenean zenbait gauzekin ez dute sobera pentsatu zein tokitara ekartzen duten bainan dena dela kalitate haundikoak direla iduritzen zaizkit.

Iniziatibari laguntza eman behar zaio ekitaldietara joanez

Ana LARRUY. Kultur Teknikaria

Nafarroako Jaialdiak izatetik Jaialdiak Nafarroan izatera pasatzerakoan, nere ustez egitura deszentralizatua osatu nahi da.

Horregatik, Olite-Erriberrin 13 urtez egin ondotik, aurten Baztan-Bidasoaldea kontuan hartu dute.

Orokorrean, edozein kultur egitarau, bizirik mantentzekotan, denborarekin eboluzionatu behar du, publiko berriari interesatzen zaizkion eta Nafarroako biztanle guziei hurbiltzeko berrikuntzak aurkeztu behar ditu.

Ikuskizunei dagokionez, publiko guziari zabaldu zaio eskaintza, Kiko Veneno gazteentzat, Maria del Mar Bonet Mediterraneoko kulturaren ordezkaria edo San Mixel Garikoitz pastorala, Nafarroan lehen aldiz antzestuko dena.

Gure aldetik erantzun ona merezi du.

Jaialdiak Baztanera ekartzeko iniziatibari laguntza eman behar zaio ekitaldietara joanez eta horrela gure kultur kezka agertuz.

Uda honetan jende mugimendu haundia sumatuko da

Tere SANTXOTENA. Ostalaria

Guretzat pribilegio bat da Nafarroako Jaialdien zati bat aurten Elizondora ekarri ahal izatea eta horrexegatik, gure laguntza merezi du.

Izan ere, seguru nago, honengatik uda honetan jende mugimendu haundia sumatuko dela Elizondon.

Gainera kultura da eta jendeari gustatu egiten zaio hemen zerbait izatea, orain arte ez baita gauza haundirik izan azkeneko urteotan.

Programan prestatu dituzten gauzekin ere gusto diferenteak beteko direla uste dut.

Bada denetarik.

Uste dut ongi errezibituak izanen direla.

Izan ere, jendeak badu guzti honen berri eta seguru nago inguruko herrietatik eta, jende aunitz etorriko dela.

Gainera abuztuan jende aunitz bakantzatan egoten da eta aski librea ere gehiago izaten du harat eta honat ibiltzeko.